2011ko Baztan, Bidasoa eta Xaretako Aisialdi eta Gastronomia Gida argitara eman berri du TTIPI-TTAPAk. Aitzineko urteetan Gastronomia Gida izan da, eta aurtengo berritasuna aisialdiari buruzko informazioarena da. 42 orrialdetan 80 zerbitzuren informazioa ematen da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Azken aldian aisialdiarako zerbitzuak handitu dira eskualdean eta horregatik sartu dira gida berri honetan. Eskualdera datozen bisitarientzat informazio osatuagoa eta ikuspegi zabalagoa emateko helburuarekin.
Aisialdiari eta gastronomiari buruzko informazioaz gain, herriak eskaintzen dituen zerbitzuen informazioa aurkituko dugu. Farmaziak, supermerkatua, gasolindegia, turismo bulegoa, frontoia eta igerilekurik baden. Baita besta nagusiak noiz izaten diren, lo egiteko lekuak non aurki ditzakegun eta taxien zerrenda bat ere.
8.000 ale argitaratu dira. Gidan aipatzen diren lekuez gain, turismo bulegoetan ere banatuko dira bisitarien eskuragarri. Aitzineko urteetan udarako banatu izan da, baina aurtengoan Aste Santuan eskuratzeko modua izanen da.