Trebiñu eta Donostia lotzen ari den 17. Korrika eskualdean barrena pasatu zen apirilaren 11n. Astelehen goizaldean Artesiagako lepotik Irurita aldera jautsi eta Baztan, Bertizarana, Malerreka, Sunbilla, Bortziriak, Sara eta Senpere zeharkatu zituen goizetik ilunabarrera, ehun kilometro baino gehiago. Ttipi-ttapa korrika, Hemen gaude, euskararen alde eta gisako leloak hedatu ziren eskualdeko errepide eta bideetan barrena.
Apirilaren 12an, asteartean, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa zeharkatuko ditu eta apirilaren 17an Donostiara ailegatzeko lasterkaldiak ez du etenik izanen.
Euskaltzaindia
Korrikaren aurtengo omendua Euskaltzaindia izanen da. AEKtik adierazi dutenez, «1919an sortu zenetik euskara babestea izan duelako xede eta geroztik hizkuntzaren iraupenerako eta hedapenerako beharrezkoak diren baldintza egokiak sortzen dituelako».
Korrika laguntzailea
Duela hiru Korrika paratu zen abian Korrika Laguntzailea kanpaina. Laguntzaile egiten diren guztiek 12 euroren truke, laguntzaile direla adierazten duen pina, urtarriletik aitzinera Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izatea ahalbidetuko dien txartela, eta txartela erabili aha izateko komertzioen zerrenda duen katalogoa eskuratuko dituzte.