Julio Sotok lortu du bere bigarren txapela

TTIPI TTAPA 2011ko apirilaren 11

Julio Sotok saio dotorea borobildu zuen Labriten, bere bigarren txapela janzteko. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Final ederra aditu zen Labriten larunbatean eta buruz burukoan gailendu zitzaion Gorritikoa Xabier Silveirari

Julio Sotok Nafarroako Bertsolari Txapelketa bigarren aldiz irabazi du, apirilaren 9an Iruñean egin den finalean. Saio ederra egin zuten taulara igo diren zortzi bertsolariek, eta Labriten egon zen giro ederrak lagunduta, bertsolaritzaren festa handia izan zen larunbatekoa. Izan ere, 1.300 bertsozalek lepo bete zuten hiriburuko pilota plaza.


Julio Sotok Nafarroako Bertsolari Txapelketa bigarren aldiz irabazi du, apirilaren 9an Iruñean egin den finalean. Saio ederra egin zuten taulara igo diren zortzi bertsolariek, eta Labriten egon zen giro ederrak lagunduta, bertsolaritzaren festa handia izan zen larunbatekoa. Izan ere, 1.300 bertsozalek lepo bete zuten hiriburuko pilota plaza.

Finala estu joan da eta buruz burukoan erabaki zen. Julio Sotoren eta Xabier Silveiraren arteko aldea txikia zenez, buruz buruko bi ariketa egin behar izan zituzten. Azkenean, Sotok lortu zuen puntuaziorik altuena, lau puntu t´erdi kendu zizkion Silveirari. Hirugarren postua Estitxu Arozena lesakarrarentzat izan da, laugarrena Jon Barberena elizondarrarentzat, bosgarrena Julen Zelaieta beratarrarentzat, seigarrena Xabier Terreros lesakarrarentzat, zazpigarrena Eneko Lazkozentzat eta zortzigarrena Oskar Estangarentzat.

Manolo Arozenak Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari ohiak jantzi zion txapela Sotori. Gainera, txapelketa hau ziklo baten amaiera ere izan dela aipatu eta heldu den urtetik aitzinera txapelketa bertze formato batean eginen dela ere iragarri zuen Arozenak.

Azken agurrean txapeldunak sufritzen ari diren guztiei eskaini zien txapela.

Etxetik urrun ziega batean

alaba daukan aitari,

auto istripu batean seme

bat galdu duen amari,

elbarritasun bat daukanari

minbizia daukanari

maitasunean bihotza mila

puska egin zaionari,

bizitza ez da beti izaten

irrifarraren atari,

txapel bat nola eman didaten

beste behin ere opari,

daukadan poza ematen diot

sufritzen ari denari.  

 

Puntuazioak

Julio Soto. 759 puntu

Xabier Silveira. 754,5 puntu

Estitxu Arozena. 527,5 puntu

Jon Barberena. 515,5 puntu

Julen Zelaieta. 512,5 puntu

Xabier Terreros. 507 puntu

Eneko Lazkoz. 495 puntu

Oskar Estanga. 479,5 puntu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun