Doneztebeko pilotalekua erabat bete zuten apirilaren 3an Zumarragako Xabier Zaldua eta Urrozko Raul Kastro aizkolarien desafioa zuzenean ikusi nahi zuten zaleek. Bakoitzak 18 enbor kana-erdiko moztu behar izan zituen, eta denak Kastrok plazaratu zituen. Orokorrean enborrak onak atera ziren. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen. Hasieratik dirua Zalduaren alde atera zen, baina ez zen aunitzik jokatu.
Apustua uste baino hagitzez ere errazago eraman zuen Zalduak. Zumarragakoa hasieratik jarri zen aitzinetik, eta berehala hasi zen aldeak ateratzen, eta lehen enborrean 15 segundoko tartea zabalduta zeukan. Tarte hori handitzen joan zen, izan ere, bigarren enborrerako 33 segundoko tartea lortu zuen.
Hortik aitzinera ere gauzak ez ziren aldatu. Zumarragakoa indartsu agertu zen, eta sasoi betean, gozatzen ari zela nabari zen. Kastro ez zen gaizki aritu, baina zuloa gero eta handiagoa zen, eta berehala ikusi zen, garaipena nora joanen zen. Lan erdietan, bederatzigarren enborrean, alegia, hiru minutu eta hiru segundoko tartea kentzen zion Zalduak Kastrori. Zulo hori gero eta handiagoa egiten joan zen, eta amaieran bederatzi minutu pasako tartearekin bukatu zen norgehiagoka. Hiru enborren aldearekin irabazi zuen Xabier Zalduak, Zumarragako aizkolariak.
Enborrez enbor
Hemezortzi kana-erdiko mozten, enborrez enbor, Zalduak emandako denborak hauek izan ziren: 1.48, 3.55, 5.45, 8.04, 10.20, 12.45, 15.15, 17.41, 20.10, 23.07, 25.45, 28.41, 31.20, 34.05, 36.46, 39.13, 42.10 eta 44.43.
Raul Kastroren enborrez enborreko denborak hauek izan ziren: 2.03, 4.28, 7.06, 9.34, 12.20, 15.05, 17.38, 20.39, 23.43, 26.54, 30.30, 33.14, 36.22, 39.48, 42.58, 46.40, 49.38 eta 53.04.