Alberto Lakosta zenaren omenez, Etxauriko aitzinako harriaren jasoaldia eginen da zortzigarren urtez Etxaurin, apirilaren 3an, igande eguerdiko 12:30ean. Bortz minutuko txandan, 136 kilo terdiko harriari ahalik eta jasoaldi gehien ematen saiaruko dira Josetxo Urrutia leitzarra, Xabier Ariztegi etxalartarra, Unai Bertiz sunbildarra eta Aiako Joxerramon Iruretagoiena, Izeta II.a.
Alberto Lakostaren omenez
Alberto Lakosta Etxauriko aizkolaria izan zen, eta 2000an hil zen. Herrian zegoen ohitura zahar bat berreskuratu zen bere omenez. Izan ere harri horrekin apustuak egiten ziren eta hainbat botila ardo jokatzen zituzten. Hain justu ere 2000an jokatu zen lehen aldikoz txapelketa. Lehen saria, harriak duen pisua ardotan izanen da, Andosillako Bagordi upategiak emanen duena (136 boteila ardo).
Errekorra Aimar Irigoienek dauka (14 jasoaldi). Iaz Irigoienek berak eta Joseba Ostolazak ezarritako marka ondu zuen (13 jasoaldi). 2009az geroztik ezin da erretxina erabili eta ezta bestelako aransgarririk ere.
Aurten berritasun bat izango da, lau harri-jasotzaile ariko baitira. Parte hartuko duten harrijasotzaileen artean, Bertizek 2010ean eta Urrutiak 2007an bederatzina altxaldi eman zituzten eta Ariztegi eta Izeta II.arentzat lehen partehartzea da.
Iaz erori egin zitzaion harria harri-jasotzaile bati, jasoaldi bat egiten ari zela, eta aurten konpondu egin dute pitzadura.
Saioari ekin aurretik, harri-jasotzaile bakoitzak eskuak garbitu beharko ditu. Berdinketarik balego, harri-jasotzailerik arinenak hartuko luke aurreko postua.
Iñaki Perurenari omenalditxoa ere eginen zaio, herri kirolen alde egin duen lanagatik.