Apirilaren 3an, igande eguerdiko 12:00etatik aitzinera 18 kanaerdikotara aizkora apustu ikusgarria izanen da Doneztebeko pilotalekuan , Raul Kastro urroztarraren eta Zumarragako Xabier Zalduaren artean. Aizkolari bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan eta berari dagozkion hemezortzi kanaerdikoak azkarren mozten dituenak jasoko du saria. Desafioa Kastrok berak luzatu zuen eta 16 kanaerdikora egin nahi zuen. Zalduak lan handiagoa nahi zuen, 20 kanaerdikoa eta azkenean erdibidea adostu zuten. Enbor guziak Kastrok berak plazaratuko ditu eta onartu duenez, “bago enborra eramanen dugu, ahalik eta garbiena bilatu dugu”. Aizkolari bakoitzak bere laguntzaileekin jardun ahal izango du. Apustua Euskadiko Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du, eta dopin kontrola eginen da. Raul Kastrok ez du inoiz apusturik jokatu, bai, aldiz, Zalduak, Ander Erasunen aurka hain zuzen ere; Erasunek ez zuen proba amaitzerik izan. Orduan, aizkoran eta korrika jardun zuten.
Kastro hirugarren mailan dihardu Euskadiko mailaketari dagokionez; Zaldua, aitzitik, iaz lortu zuen maila horretatik Bigarren Mailarako jauzi egitea, eta aurten bigarren mailan ariko da. Hain zuzen ere, iaz hirugarren mailako txapelketako hirugarren kanporaketan jardun zuten biek bertze zortzi aizkolarirekin batera. Zaldua bigarren sailkatu zen eta Kastro hirugarren izan zen. Launa kanaerdiko ebaki zituzten; Zalduak 10 minutu eta 4 segundu behar izan zituen lau enborrak ebakitzeko, eta, Kastrok 10 minutu eta 38 segundo. Beraz, 34 segundoko aldea atera zion gipuzkoarrak nafarrari. Dena dela, ez ziren elkarren kontra aritu txanda berean.
Doneztebeko frontoirako sarrera 25 eurotan jarri dute.