Berinak arte garaikide festibalaren bigarren edizioa urriaren 28tik hazilaren 13ra ospatuko da heldu den udazkenean. Etxebizitza izanen da aurtengo gaia eta gomiten artean daude jadanik Kader Atia sortzailea, Marc La Thuillière argazkilaria, Ibai Hernandorena miarriztarra eta Maialen Dissard basusarriarra, bertzeak bertze. Sound System kontzertu ibiltaria egitea pentsatzen ari dira Sarako azken bestetan egin zen bezala. Bertzalde, jaialdiko arduradunak eskuz esku ariko dira lanean aurten Euskal Kultur Erakundearekin arte plastiko egileak Senpererat ekarrarazteko. Anne Marie Jeannou eta Iñaki Viquendi Senpereko arte garaikide zaleek prestatzen duten festibalak zer erran haundia sortu zuen duela bi urte ez baitzen sekulan holakorik ikusi herrian. Gainerat, ainitzek begi txarrez ikusi zuten Herriko Etxeak 12 000 euroko dirulaguntza ematea. Ahatik, festibalaren lagunek uste dute ekimen hori beharrezkoa dela herriari oldar berria emateko.