Martxoaren 29an telebista analogikoa, betiko telebista, itzaltzekoa da betiko eta handik goiti telebista numerikoa baizik ez da ikusten ahalko Larrungo antenaren bitartez. Martxo hondar huntan telebista numerikoa ere itzaliko eta berriz piztuko dute berehala. Beraz, telebistak edo numeriko dekodagailuak berriz sintonizatu beharko ditugu, eta lan hori eginez, frantses telebista guziak, TVPI Iparraldeko tokiko telebista eta Euskal Telebistaren lehen katea ere agertuko dira. Frantziako eta Espainiako gobernamenduek mugaz gaindiko hitzarmena egin dute berriki ETB1 Iparralde osoan ikusia izan dadin eta beraz, telebista numerikoa ikusiko dutenek ETB ere hartzen ahalko dute. Gainerat, itzalguneetan bizi direnek FRANSAT satelitaren bitartez segitzen ahalko dituzte kate guziak ETB1 barne. Lehen aldia da ETB1en seinalea satelite bitartez hedatuko dela eta gainerat molde idekian harpidetzarik gabe. Mugaz bi aldeetako agintariek aterabide hau atzeman dute ETB Ipar Euskal Herriko etxe guzietan ikusia izan dadin. Baliteke aterabide bat izatea ere Nafarroako mendialdeko herritarrentzat. Telebista digitala Larrundik hartzen dutenek Euskal Telebistaren lehen katea ikus lezakete, eta bertzenaz, FRANSAT satelitaren bitartez har dezakete ETB.