Gerra aurretik hasi ziren frontoi berria egiteko asmoekin bueltaka

Fernando ETXEBERRIA 2011ko martxoaren 30a

Goiko argazkian herriko plaza zaharra ageri da eta behekoan oraingo frontoia. Fernando Etxeberria

Hasierako asmoa frontisa Plazenea aldera egitea zen

Duela hilabete batzuk hainbat obra egin zituen Udalak frontoian, zola berrituz eta ezkerreko pareta moldatuz. Baina urteetan atzera eginez, seguruenik herritar gehienek ez dute jakinen frontoiaren historia zein­ den, eta interesgarria li­tza­te­ke kontatzea.

XVII. mendean herri erdian plaza bat zegoen, gaztainondo ba­tzuekin. Batzarrak edo udaletxe­ko bilerak ere han egiten ziren, etxe bakoitzeko ordezkari batekin. Kan­paien­ bidez iragarri ohi zi­ren bilerak, eta joatea garrantzitsua izaten zen, norbaitek huts eginez gero, ez baitzuen protesta­tzeko eskubiderik. Gerora zuhaitzak moz­tu eta frontis ttiki bat eraiki zen Palazio edo Hama­rrendegia etxeari itsa­tsita (etxe ho­ne­tan hama­rrenak ko­bra­tzen ziren). 18 metro­ luzeko eta hiru metroko altuerako ezke­rreko pareta bat ere izaten zen. Zorua lurrezkoa zuen, eta hortaz, euria eginez gero, pilotan joka­tzea ezinezkoa izaten zen. Gainera, 90 zentimetroko desnibela zuen.

Udalak 1945ean erabaki zuen­ frontoi be­rria egitea, nahiz eta 20 urte lehenagotik ere bazegoen frontoia egiteko au­rre­proiektua. Frontisa, ordea, beste aldera pen­tsa­­tua omen zen, Plazenea aldera. Edonola ere, gerra ondotik, 1945ean, hasi ziren be­­rriz frontoiarekin buel­­taka. Horretara­ko, etxearen jabeare­kin­ harremanetan jarri behar izan zen, Ezku­rrako jaun­txoen ondorengoekin edo herriaren jabeak kontsideratuak zirenekin, hain zuzen. Etxea Karita­teko mojen kongregazioarena zen, eta Ladron de Zegama familiako azken oinordekoa bizi zen han.

 

Alkatearen eskutitza

Alkatea eskutitz «goxo» batekin zuzendu zi­tzaion­­ Nagusiari: «Andre agurgarri hori: he­rriko gazteriak, horietatik gehienak 1936ko uztaila­ren 18an borrokan ibilitako boluntarioak eta gure aberria eta erlijioaren alde gurasoak eta etxea utzi­ zituztenak, itzuli egin dira, garaipena eskuratuta. Gure lurretik horda marxisten doktrina fal­tsuak kanporatzeko euren bizitza arriskuan ja­rri duten gazte hauek, orain­ arte Nafarroako herri honetan mantendu diren dibertsio on eta sano horie­kin jarraitu nahi dute eta helburu horrekin, frontoia berreraikitzeko eskatu diote Udalari, pilotan jokatuz, herri kristau batekoak ez diren dantzak, tabernak eta abar saihesteko». Aldi berean, bi leiho kentzeko ere eskatu zitzaion, paretari hamar metro gehiagoko altuera emateko. Horren ordez, bi leiho eginen lirateke go­­­rago eta eskuin aldean­ balkoi bat. Gastua­ Udalak ordainduko luke.

Nagusiak bere asmoa etxea saltzea zela adierazi zuen, eta horrelako obrak egi­tea­ ez zuela beharrezkoa ikusten.

Alkateak apaizaren­ga­­na ere jo zuen, baina alferrik. Berriz mojarenga­na joan zen, aldi honetan argumentu eraginkorrekin. Tratua ez onar­tze­ko­tan, etxetik bi me­trora bes­te pareta bat eraiki beste aukerarik ez zegoela esan zion, eta hori bientzat kaltegarria izanen litzatekeela: etxea bistarik gabe geldituko litzatekeelako eta Udalak pareta be­rria­ egin beharko lukeelako.

Eskutitzak bere eragina izan zuen. Nagu­siaren erantzunaren agiririk ez da­goen­ arren, au­rreikusitako obra egin zelako, 48.113,50 pezetako aurrekontuarekin. 1980an, berriz, estalpea egin zitzaion. Hasierako asmoa teilatua transparentea izatea zen, baina ezinezkoa izan zen garesti ateratzen zelako (6.418.001 pezeta).

Argiztapena eta sarea paratzeko saiakerak ez ziren aurrera atera, ez zelako ez Nafarroatik eta ez estatutik ere dirulagun­tzarik lortu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun