Antolatzaileak gustura gelditu dira aurten bigarren urtez egin den Bertako Haziaren Jaiak izan duen erantzunarekin. Martxoaren 19an egin zen eta goiz-arratsaldez izan ziren ekitaldiak: goizean hitzaldiak izan ziren errotan. Alde batetik, Nafarroako Hazia Sareko Ester Monterok barietate lokalak mantentzearen garrantziaz hitz egin zuen eta bestetik, Kristiñek Nekazaritza Ekologikoa eta Biodinamikoa izan zituen hizpide. Eguerdian 35 bat lagun bildu ziren Estalpean egindako bazkarian. Teoria eta praktika bat eginez, «bazkari konszientea» egin zuten. Arratsaldez, hazi trukaketa eta talo jatea izan zen eta afaldu ondotik, musika afrikarra egiten duen Enekora taldearekin kontzertua. Antolatzaileek balorazio ona egin badute ere, herriko jende gehiagok parte-hartzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute. Akaso hurrengo urtean izanen da, errepikatzeko asmoa dutela esan baitute.