Heldu den ikasturtean eskola ixteko asmoari eutsi egiten dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Halaxe adierazi digu Pedro Deskarga alkateak. Iragarri bezala, martxoaren 15ean bilera egin zuten Hezkuntza Departamentuko ordezkariek eta alkateak, idazkariak eta gurasoek. 2011/2012 ikasturtean lau ikasle izanen diren arren (Izarne eta Haritz Mariezkurrena Lasaga, Jasone Mindegia Benito eta Naroa Retegi Eskudero), gerora gehiago izanen direla eta hurrengo ikasturtean salbuespena egiteko eskatu zieten herritarrek Gobernuko arduradunei, baina alferrik. Alkateak kontatu digunez, «15 egunen buruan zerbait esanen zigutela aipatu ziguten». Baina lehenagotik ailegatu da erantzuna: «martxoaren 22an jakinarazi zioten irakasleari eskola itxi nahi dutela», dio Deskargak.
«Penarekin» hartu du Gobernuaren asmoa alkateak, eta zerbait egiten saiatuko direla ere azaldu digu, «nahiz eta zaila izanen den».
Eskola itxiz gero, Doneztebera joan beharko dute 3 urtetik aurrerako neska-mutikoek. Joateko autobusa 08:15ean izanen lukete eta arratsaldean, 17:00 baino beranduago bueltatuko lirateke etxera.