15 lagunek akitu dute Baztan-Bidasoaldeko III. Enplegu Tailerra

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

TTIPI TTAPA

Baztan-Bidasoan mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta-zerbi­tzuen inguruko hirugarren Enplegu Tailerrari bukaera eman zitzaion martxoaren 18an Donezteben. 15 lagunek hartu dute parte eta denetara 900 ordu egin dituz­te 14 emakumek eta gizaseme bakarrak, sei hilabetetan: hiru hilabete pres­ta­kuntza teorikorako eman dituzte eta bertze hiru hilabete praktikak egiten zonalde­ko hainbat egoitzatan. Cederna-Garalur elkarteak kudeatu duen enplegu-taile­rra finantzatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 157.655,70 euro para­tu ditu, eta ekimenean parte hartu duten Berako, Lesakako, Etxalarko, Donez­tebeko eta Baztango Udalek 18.000 euro (3.600 euro udal bakoitzak). Bukaera ekitaldian, bertzeak bertze, Luis Garate Jimenez Cederna Garalur elkarteko presidentea, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea, Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zuzendari-gerentea eta Edurne Garro tailerra­ren zuzendariak parte hartu zuten, baita Bera, Lesaka, Baztan eta Donez­tebeko udal ordezkariek ere, eta zonaldean mendekotasuna duten pertsonak jaso­tzen dituz­ten egoitza eta zentroetako ordezkariek ere bai. Aipatzekoa da, 2008-2011 urteen artean tailerretan hasi diren 45 pertsonetatik 44k ikastaroak akitu dituztela eta orain arte %80 inguruk arlo horretan lana aurkitu duela. Orain­ akitu den promozio honek ere lan-munduan tokia egiteko itxaropena du, Baztan-Bidasoal­dean biztanleriaren zahartze-tasak nabarmen egin baitu goiti, eta 65 urtetik goitiko biztanleria %21etik goitikoa baita. Nafarroan, orokorrean, aldiz, %17koa da. Ho­rren ondorioz, martxoaren 18ko ekitaldian adierazi zutenez, mendekotasuna duten pertsonen zainketarekin lotura duten zerbitzu gehiago eta kalitate handiagokoak behar dira zonaldean, batez ere emakumea lan-merkatuan txertatzen ari dela kontuan hartuta. 2010eko irailean, Baztan-Bidasoal­dean 238 lagun ari ziren sektore horretan lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun