Bertizko Turismo Partzuergoak Bertizarana eta Baztango udalei euren eremuei dagokien bide berdearen proiektua aurkeztu die. Lana Nafarroako Gobernuak ordaindu eta Gestión Ambiental de Viveros y Repoblaciones de Navarra erakundeak egin du.
1957an utzi zion trenak ibiltzeari eta orduan egiten zuen ibilbidearen zati batzuk desagertu diren arren, proiektu honetan jatorrizko ibilbidearen zati bat berreskuratuko da eta orain arte landu ez den berrikuntza bat dago: Bertizaranaren trenaren tunel bat eta Baztanen zubi bat berreskuratzea proposatu da. Milioi euro kostako da, hondatuak dauden zatiak egokitu, bertze batzuk ireki, ibai bazterretatik pasatzen direnen lan bereziak egin eta aipatutako elementuak berreskuratu eta seinalizatzeko. Hurrengo pausua, Espainiako Landa eta Itsas Ingurumen Ministeriotik finanziazioa lortzeko behar den PSISa tramitatzea izanen da. Pausu hau ibilbide osoarekin egiten da, hau da, Endarlatsatik Elizondoraino. Partzuergoa Eurovelo proiektuaren bidez lantzen ari da Doneztebe-Endarlatsa zatia. Zati honen proiektua geldituta dago, Nafarroako Herrilan Sailak baimena eman behar baitu N121-A Alkaiagan gurutzatzeko aurkeztu zaion hirugarren proposamenari. Bidegurutze hori garrantzitsua da ibilbidearen oinezkoentzako jarraipena bermatzen baitu. Beraz, PSISa hasteko finanziazioa lortzeko proposamen honen baimenaren zain dago Partzuergoa.