Udalak ere Interneterako saltoa egin du eta atari berria estreinatu du herritar eta bisitari guztientzako: www.sunbilla.com. Elizondoko Eskiz Informatika Zerbitzuak egin dio diseinua eta martxo hasieratik dago martxan. Udalari 1.534 euro kosta zaio aipatutako webgune hori egitea.
Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Udalaren Interneteko orrialdeak bi hizkuntzetan, euskaraz eta gaztelaniaz: herriari buruzko datuak bideo eta guzti, lehengo eta gaur egungo argazkiak, turismo alorreko kontuak, berriak, herrian dauden zerbitzuak eta erakundeak –tartean, Ulibeltzak Elkarteari buruzko informazio osatua–, folklorea, iradokizunak egiteko aukera, udaleko berriak... Hain zuzen, Udalaren atalean, agiri interesgarriak eskura daitezke: antolamendua, aktak, aurrekontuak, ordenantzak, bertzelako dokumentuak…