Fagoagatarrak bikain

Ttipi-Ttapa 2011ko martxoaren 29a

Martxoaren 19an eta 20an jokatu zen Madrilgo Pinton Skeet Olinpikoko Espainiako Erregearen Kopa. Azken urteetako ohiturari eu­tsiz, Itsaso Fagoagak ez zuen areriorik izan emakumezkoen artean eta txapeldun suertatu zen, 75 platererik 68 hautsita. Berak duen Espainiako errekorretik bi platerera gelditu zen.

Gizasemeen artean, berriz, sei onenak biltzen zituen finalean sartzea lortu zuen Antonio Javier Fagoaga, Itsasoren aitak. Finalean sartu ziren bertze bortz tiralariak Espainiako selekzioko kideak ziren, baina halere, horietako bat gibelean uztea lortu zuen Antonio Javierrek, 125 plateretatik 117 hautsita eta sailkapen orokorrean bosgarren izan zen.

Itsaso Fagoagak Nafarroako txapelketa jokatuko du apirilaren 3an Valdorban eta hurrengo asteburuan, apirilaren 9an eta 10ean, Espainiako txapelketa jokatuko du Granadan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun