2011ko Baztan, Bidasoa eta Xaretako Aisialdi eta Gastronomia Gida argitara eman berri du TTIPI-TTAPAk. Aurreko urteetan Gastronomia Gida izan da, aurtengo berritasuna aisialdiari buruzko informazioarena da. 42 orrialdeko argitalpen honetan 80 zerbitzuren informazioa ematen da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez
Azken aldian aisialdiarako zerbitzuak handitu dira eskualdean eta horregatik sartu dira gida berri honetan. Eskualdera datozen bisitarientzat informazio osatuagoa eta ikuspegi zabalagoa emateko helburuarekin.
Aisialdiari eta gastronomiari buruzko informazioaz gain, herriak eskaintzen dituen zerbitzuen informazioa aurkituko du erabiltzaileak. Farmaziak, saltokiak, gasolindegiak, turismo bulegoak, frontoi edota igerilekurik baden. Baita besta nagusiak noiz izaten diren, lo egiteko lekuak non dauden eta taxien informazioa ere.
Osotara 8.000 ale argitaratu dira. Gidan aipatzen diren jatetxe eta establezimenduetan ez ezik, Turismo bulegoetan ere eskuragarri egonen dira bisitariendako. Aurreko urtetan udararako banatu izan da, baina aurtengoan Aste Santuan eskuratzeko modua izanen da.