Apirilaren 9an larunbateko arratsaldeko bostetan hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Kantuan Jon Barberena, Estitxu Arozena, Julio Soto, Xabier Silveira, Julen Zelaieta, Eneko Lazkoz, Oskar Estanga eta Xabier Terreros izanen dira. Lehenengo hirurak finalaurrekoak irabazi dituzten bertsolariak dira, zuzenean sailkatzea lortu dutenak. Beste bortz bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatu dira. Alaitz Rekondok eta Fernando Anbustegik aurkeztuko dute saioa.
Agortu dira sarrerak
Labriteko finalak sortutako ikusminaren ondorioz salgai zeuden sarrera guztiak agortu dira. 1300 bertsozalek beteko dituzte Labriteko harmailak. Sarrerarik gabe geratu denak Xorroxin Irratian www.bertsoa.com atarian eta Info7 irratian jarraitzeko aukera izanen du.
Besta finalaren ondoren
Labriteko saioa bukatuta, triki-poteoa izanen da Alde Zaharreko kaleetan. Ondoren Txapelketako parte-hartzaileek eta bertsozaleek Iruñeko Errotxapea auzoko sagardotegi batean afaria eginen dute, hemen ere trikitilariek alaituko dute giroa. Afariaren ondoren bestak Iruñeko elkarte batean izanen du segida. Afarirako oraindik txartel gutxi batzuk geratzen dira 25 eurotan. Txartelen bat nahi izanez gero 948143747 telefonoan edo nafarroa@bertsozale.com helbidean egin daitezke erreserbak.