Juaristi zarauztarrak eta Patxi Olazar doneztebarrak 40-36 irabazi zieten martxoaren 26an Endika eta Migel Mari Urrutia Saldiasko lehengusuei, Sagardoaren Txapelketako finalean. Emozioz beteriko partida estua izan zen, eta txapeldunek azken txanpako susperraldiari esker irabazi zuten. Endika eta Urrutia 32-36 aitzindu ziren, baina Juaristik eta Olazarrek segidan egin zituzten azken zortzi tantoak. Urrutia izan zen onena, baina bere lanak ez zuen saririk izan. Migel Mari Urrutiak 24 tantu egin zituen, horietatik 10 sakez.
Dirua gorri atera zen, baina oraingoan huts egin zuen katedrak. Erritmo handiko partida izan zen hasieratik. Tantuak bizkor akitzen zituzten, eta ez zegoen dominatzaile argirik. Hamarnako berdineka bitarte parekatu joan zen partida, baina orduan zuloa egin zuten Juaristi eta Olazarrek. Doneztebarrak ongi eusten zion Urrutiari eta piloteoan ez zen nagusi argirik. Aitzineko koadroetan Juaristik ongi akitzen zituen tantuak, baina Endikak behar baino gehixeago huts egin zuen. Honela, 16-24 aitzinetik jarri ziren urdinak.
Partidak alde egin behar ziela ikusiz, Urrutiak agintea hartu zuen eta erremonte erakustaldia eskaini zuen, sakearekin batez ere. Honela, 16-5eko partzialaren ondotik, hiru tantu aitzinetik jarri ziren gorriak, 32-29. 36-32koa ere ezarri zuten markagailuan, baina hortxe gelditu ziren lehengusuak. Olazarrek sake ederrak egin zituen eta lau tantu lortu zituen hasierako pilotakadarekin. Erremonte profesionalean lortu duten lehen txapela da Juaristi nahiz Olazarrentzat.