Eratsungo eskola itxi eginen dutela erantzun du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 28a

Eratsungo ikasle hauek Doneztebera joan beharko dute heldu den ikasturtean, Nafarroako Gobernuak erabakia aldatzen ez badu. Artxiboko argazkia

STEE-EILAS sindikatua erabakiaren kontra azaldu da

Heldu den ikasturtean Eratsungo eskola ixteko asmoari eutsi egiten dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Halaxe adierazi digu Pedro Deskarga alkateak. Iragarri bezala, martxoaren 15ean bilera egin zuten Hezkuntza Departamentuko ordezkariek eta alkateak, idazkariak eta gurasoek. 2011/2012 ikasturtean lau ikasle izanen diren arren, gerora gehiago izanen direla eta hurrengo ikasturtean salbuespena egiteko eskatu zieten herritarrek Gobernuko arduradunei, baina alferrik.

Heldu den ikasturtean Eratsungo eskola ixteko asmoari eutsi egiten dio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Halaxe adierazi digu Pedro Deskarga alkateak. Iragarri bezala, martxoaren 15ean bilera egin zuten Hezkuntza Departamentuko ordezkariek eta alkateak, idazkariak eta gurasoek. 2011/2012 ikasturtean lau ikasle izanen diren arren (Izarne eta Haritz Mariezkurrena Lasaga, Jasone Mindegia Benito eta Naroa Retegi Eskudero), gerora gehiago izanen direla eta hurrengo ikasturtean salbuespena egiteko eskatu zieten herritarrek Gobernuko arduradunei, baina alferrik.

Alkateak kontatu digunez, «15 egunen buruan zerbait esanen zigutela aipatu ziguten». Baina lehenagotik ailegatu da erantzuna: «martxoaren 22an jakinarazi zioten irakasleari eskola itxi nahi dutela», dio Deskargak.

«Penarekin» hartu du Gobernuaren asmoa alkateak, eta zerbait egiten saiatuko direla ere azaldu digu, «nahiz eta zaila izanen den».

Eskola itxiz gero, Doneztebera joan beharko dute hiru urtetik aurrerako neska-mutikoek. Joateko autobusa 08:15ean izanen lukete eta arratsaldean, 17:00 baino beranduago bueltatuko lirateke etxera.

 

STEE-EILAS sindikatua erabakiaren kontra

Nafarroako Gobernuaren erabakiaren berri jakinik, STEE-EILAS sindikatuak elkartasun adierazi nahi izan die irakasle, guraso eta eskola komunitate guztiari eta, era berean, “Hezkuntza Departamentuari biziki eskatu hurrengo ikasturtera begira Eratsungo eskola inondik inora ez ixteko”.

Sindikatuaren erranetan, eskola honetan sortu zenetik hezkuntza proiektu garrantzitsu bat garatu dute, horrenbestez “uste dugu eskola ixtearekin ez dela bakarrik hezkuntza proiektu batekin bukatzen baizik eta baita ere gizartearen garapena bermatuko duen proiektu batekin, eta zentzu horretan atzera pausu garrantzitsua da”. STEE-EILASen ustez eskola bat “ezin da itxi 5 ikasle baino gutxiago dituelakoz, are gutxiago hurrengo urtetarako zentsuak gora egitea aurreikusten denean”.

Lehenik ere, Zubieta, Aniz eta Elgorriagan eskolako itxi ondoren zentsoak goiti egin duela gogorarazi du sindikatuak, baina “jakina, behin eskola itxirik, ez dute berriz ere ireki”, nahiz eta Foru legeak berak, landa eremuko biztanleei hezkuntza eskaintza modu egokian helaraztea derrigortzen duen, “batez ere populazio gune urrunen eta txikienetara derrigorrezko irakaskuntza eramateari dagokionez” Honen aitzinean, STEE-EILAS sindikatuak argi du eskola hauetako ikasleek pairatzen duten eskubide urratzea, eta Hezkutza Departamentuak gehiago begiratzen diola momentu honetan errentagarritasun ekonikimoari, errentagarritasun sozial eta kulturalari baino”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun