Asteburu Kulturala arrakastatsua suertatu da Sunbillan

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 28a

Inguruko eskulangileen lanak ikusteko eta erosteko modua izan zen igandean Sunbillan. Alicia del Castillo

Igandeko lehiaketara aurkeztutako 14 gaztaren artean Migelenekoa izan da onena

Ulibeltzak Elkarteak, Guraso Elkarteak, Antrotokiko gazteek eta Antzakaitz Kultur Taldeak antolatutako Sunbillako Asteburu Kulturala arrakastatsua suertatu da aurten ere. Larunbateko txitxipilota lehiaketa eta txiste afaria eta igandeko gazta lehiaketa izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Azken honetan, 14 gazta aurkeztu ziren eta Migeleneko Josefina Jorajuriak aurkeztutako suertatu zen irabazle.

Ulibeltzak Elkarteak, Guraso Elkarteak, Antrotokiko gazteek eta Antzakaitz Kultur Taldeak antolatutako Sunbillako Asteburu Kulturala arrakastatsua suertatu da aurten ere. Larunbateko txitxipilota lehiaketa eta txiste afaria eta igandeko gazta lehiaketa izan ziren ekitaldirik arrakastatsuenak. Azken honetan, 14 gazta aurkeztu ziren eta Migeleneko Josefina Jorajuriak aurkeztutako suertatu zen irabazle.

Ortziral arratsaldeko haurren jokoekin eta ondotik izan zen txokolatadarekin abiatu ziren ekitaldiak. Ortziral arratsean mus txapelketa jokatu zen Ulibeltzak Elkartean.

 

Txitxipilota lehiaketa

Martxoaren 26an, larunbat goizean txitxipilota lehiaketa jokatu zen, gastronomia eta umorea uztartzen dituen lehiaketa. Aurtengoan albondigak (txitxipilotak) egin behar izan zituzten partehartzaileek modu berezian jantzita joan behar zuten, neskak mutilez jantzita eta mutilak neskez. Lau talde aurkeztu ziren lehiaketara eta Angel Mariezkurrena, Loli Gandara eta Ines Obregozok osatutako epaimahaiaren puntuazioak jaso ondotik, Pello Altzuri, Aitor Altzuri eta Imanol Apeztegiak irabazi zuten lehen saria, bonbon kaxa eta botila txanpain. Bigarren saria Gu geu taldearentzat izan zen eta hauek, Fonda ostatuan bortz kubata edo hamar kaña edo kalimotxo edateko aukera izan zuten. Hirugarren saria Kaxkarrak taldeak eskuratu zuen eta laugarrena Attope taldeak.

Goiz eta arratsaldez haurrendako puzgarriak izan ziren frontoian eta giro ederrean ibili ziren ttikienak saltoka eta zilipurdika. Tartean berendua ere egin zen. Ulibeltzak elkartean egindako bazkariaren ondotik, zerrikume harrapaketa egin zen da eta arratsaldean bizipoteoa. Gauez, txiste afaria egin zen Guillermo Segurola txiste kontatzaile azpeitiarrarekin. Honekin batera, akordeoilaria ere aritu zen giroa alaitzen.

 

14 gaztaren artean Migelenekoa onena

Igandeko ekitaldiekin borobildu zen Sunbillako Asteburu Kulturaleko egitaraua. Sunbillako IV. Gazta Lehiaketa egin zen eta denera hamalau gazta aurkeztu ziren. Lizun gaztandegiko Arkaitz Vicentek, Rakel Urtxegik, Juanjo Ibarrak eta Mañoli Agirrek osatutako epaimahaiaren arabera, Migeleneko Josefina Jorajuriak aurkeztutako gazta izan zen onena eta 60 euroko saria eraman zuen. Bigarren saria (40 euro) Miguel Antzizarrek eskuratu zuen eta hirugarren sariko 20 euroak Primonekobordako gaztarentzat izan zen. Lehiaketaren ondotik, gaztak zozketatu egin ziren frontoira bildutakoen artean.

Bien bitartean, artisau feria ere ikusgai izan zen eta inguruko eskulangileen lanaz gozatzeko aukera ere izan zuen jendeak. Herriko trikitilariek ere saioa eskaini zuten. Ulibeltzak Elkartean bazkaria egin zen eta arratsaldean herriko neska-mutikoen dantza saioarekin akitu zen Asteburu Kulturala Sunbillan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun