65 urtetik goitiko pilotariei desafioa luzatu die Bautista Iruruetak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 30a

Garai bateko apostu moldea berreskuratu nahi du Iruruetak pilotan ere. Artxiboko argazkia

Esku pilotan, Nafarroako, Gipuzkoako edo Bizkaiako edozein pilotariri aurre egiteko prest dago

Sortzez Elgorriagakoa eta gaur egun Donezteben bizi den Bautista Iruruetak pilota gosez segitzen du. Duela urte batzuk desafioa luzatu zien bere adinekoak edo zaharragoak ziren pilotariei, partida bat jokatzeko. Betidanik gustuko izan du pilota eta Ameriketan bizitu zenean hainbat partida jokatu zituen zuriz.

Baina Euskal Herrira bueltan, pilotarako grina hori ez zaio itzali eta oraingoan ere bere adinekoak edo zaharragoak diren Nafarroako, Gipuzkoako edo Bizkaiako pilotariei luzatu die erronka, nor baino nor esku pilotan aritzeko. Muga eguna garbi dago: 1946ko apirilaren 18an jaio zen Bautista eta data hori edo lehenago jaiotako edozeinen kontra jokatzeko prest dago. Hortik aitzinerakoak bi pilotariek hitzartuko lukete: Etxalarko pilota plaza proposatzen du Iruruetak jokatzeko, baina bertze edozeinetan aritzeko prest dago eta honelako apostuetan jokatzen ahal den dirua ere ez du zehaztu: “Nik pilotan jokatu nahi dut eta jendea mugitzeko dirua mugitzea ere ongi dago, baina bazkari bat ere jokatzen ahal dugu, hori guttienekoa da”. Horretarako prest dagoenak, 646 799 828 telefonora deitzea aski du.

Izan ere, bere helburua pilotan jokatzea da , “aizkoran egiten den moduan, lehengo apostu moldea pilotan ere berreskuratu, frontoiko bizitasuna berreskuratzeko” eta badaki garai batean hagitz pilotari onak izandakoak badirela. Baina pena ematen dio pilotarako zaletasun eta grina hori adinarekin apaltzen doalako. Berriz ere gustora ikusiko lituzke orduko pilotari bikainak plazan, ahal bada bere kontrako lehian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun