Milioi eta erdi negu-txonta txorik Artikutzan eman dute negua

Aitor AROTZENA 2011ko martxoaren 24a

Egunsentian hegatzen ziren txontak, jan bila ateratzeko eta arratsean bueltatzen ziren Artikutzara. Jon Martinez

Izugarrizko txori multzoak ikusi dira harat-honatean

Negu honetan txori multzo ikaragarri handiak ikusi dira harat-honatean Bortzirietan, Bertizaranan, Baztanen… Milaka eta milaka txori hegaka, goizez Artikutza aldetik Bertizera eta arratsean berriz ere Artikutza aldera bueltan.

Negu honetan txori multzo ikaragarri handiak ikusi dira harat-honatean Bortzirietan, Bertizaranan, Baztanen… Milaka eta milaka txori hegaka, goizez Artikutza aldetik Bertizera eta arratsean berriz ere Artikutza aldera bueltan.

Inguruko herrietan jendeak harriduraz begiratu du zerura, sekulan halakorik ez zuela ikusiz erranez horietako aunitz. Esplikazio garbirik ez zioten bilatzen fenomeno honi, baina azalpen zehatza eman digu Jon Martinez lesakarrak. Gorosti Natur Zientzia Elkartearen laguntzailea da Martinez, eta oihaneko hegazti harraparien eta korbidoen zentsoa egiten ari da, argazki makina eta fitxak lagun. “Gure inguruan harat eta honat ikusi ditugun txori horiek negu-txontak dira –aipatu digu lesakarrak–, pinzón real gazteleraz, Fringilla montifringilla latineko izen zientifikoaz, eta Artikutza aldean hartu dute lotarako lekua negu honetan”. Normalean Europa erdialdean, Frantzia edo Herbehere aldean ematen dute negua, baita iberiar penintsulako iparraldean ere, baina inoiz ez zen halako kopururik ikusi ez gure eskualdean, ezta Euskal Herria osoan ere. Badirudi gure inguruan jateko ugari topatu dutela negu honetan, iaz pagoek bagatxa aunitz eman baitzuten eta hori aunitz gustatzen zaie. “Milioi eta erdi inguru txori direla kalkulatu da, baina zail da kopurua zehaztea” aipatu digu lesakarrak.

Urtarril hondarrean Bizkaiako Barazar inguruan ere izugarrizko txonta multzoa ikusi zen, “eta Artikutzara, Bianditzen magalera otsail hasieran heldu zena multzo hori bera zela uste da, ez baita normala milioi eta erdi buruko bi multzo izatea”. Jon Martinez, Itsas Txoriak elkarteko Hector Gonzalezekin joan zen Artikutzara txoriak ikustera eta aztertzera otsailaren 20an, eta ikuskizuna zoragarria zela aipatu digu. “Hantxe zebiltzan Bianditzen magalean, lehenik pagoetan gelditzen dira eta gero pinu beltzetara pasatzen dira, bertan lo egiteko. Egunez mugitzen dira, jatekoaren bila eta berriz ere arratsean lotarako biltzen dira Artikutzara”.

Udaberriarekin batera, Artikutzatik desagertu da negu-txonta eta seguruenik, udaberria eta uda pasatzera, Finlandia edo Polonia aldeko mendietara jo izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun