Sunbillako Asteburu Kulturaleko egitaraua prest dute Ulibeltzak Elkarteak, Guraso Elkarteak, Antrotokiko gazteek eta Antzakaitz Kultur Taldeak. Ortziralarekin hasi, martxoak 25, eta igandean, hilak 27, akituko dira ekitaldiak eta nobedadeak ere izanen dira tartean, larunbateko txiste afaria edo txikipilota lehiaketa, erraterako. Gisa berean, aipatu, zare eder baten zozketako rifak ere salgai daudela. Zarearen zozketa igande eguerdian eginen da.
Martxoaren 25ean, ortziral arratsaldeko 16:30ean haurren jokoak izanen dira eta ondotik txokolatada. 22:00etan mus txapelketa jokatuko da Ulibeltzak Elkartean.
Martxoaren 26an, larunbat goizeko 11:00etatik 13:00etara txikipilota lehiaketa jokatuko da frontoian. Parte hartu nahi duenak modu berezian jantzita joan beharko du, neskak mutilez jantzita eta mutilak neskez.
11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00tara haurrendako puzgarriak izanen dira. Tartean berendua ere eginen da. 14:30ean bazkaria izanen da Ulibeltzak Elkartean. Ondotik, zerrikume harrapaketa eginen da. 19:00etan bizipoteoa. 21:30ean txiste afaria eginen da Guillermo Segurola txiste kontatzaile azpeitiarrarekin. Honekin batera, akordeoilaria ere izanen da giroa gehiago alaitzeko.
Martxoaren 27an, igande goizeko 10:00etatik 13:30era Sunbillako IV. Gazta Lehiaketa eginen da eta artisau feria ere ikusgai izanen da. 11:00etan herriko trikitilariek saioa eskainiko dute. 14:00etan bazkaria eginen da Ulibeltzak Elkartean eta 18:00etan herriko neska-mutikoen dantza saioa ikusgai izanen da.