Doneztebeko Erreka pilota elkarteak Berria txapelketan egin duen ibilbide bikaina finalerdietan akitu da. Martxoaren 18an, ortziralean Bizkaiako Galdakaon jokatutako hiru partidetatik bi Huartek irabazi zituen eta bakarra Errekak.
Kadete mailan, Errekarekin aritu ziren Unai Telletxea igantziarrak eta Ugaitz Elizalde iturendarrak 14 eta 22 galdu zuten Huarteko Larunbe eta Goñiren kontra.
Jubeniletan, Errekako Mikel Maia lesakarrak eta Adur Lasa etxarriarrak 22 eta 17 irabazi zieten Huarteko Irail Zestau (berriki Errekatik Huartera joan den doneztebarra) eta Ander Minari.
Beraz, senior kategoriako partidan erabaki zen finalista eta honetan, Errekako Iñaki Esain eta Jon Gorritik 16 eta 22 galdu zuten Yoldi eta Linzoainen kontra. Errekakoak 0-4 eta 7-16 galtzen joan ondotik, 15-16 hurbildu ziren markagailuan, batez ere Gorritik egindako partida bikainari esker. Halere, azkenean Huartekoak nagusitu ziren.
Berria txapelketako finala martxoaren 27an jokatuko dute Huartek eta Amezketako Zazpi Iturrik. Halere, Patxi Ordoki Errekako ordezkaria gustora ageri zen bere pilotariek egindako lanarekin, nahiz eta finalaren atarian gelditzeak ere pena eman. Halere, mila euroko saria izanen du Errekak kanporaketa honetaraino ailegatzeagatik.