Baztan-Bidasoaldeko Enplegu Tailerraren itxialdi ekitaldia egin da martxoaren 18an Donezteben

TTIPI TTAPA 2011ko mar. 18a, 14:48

Enplegu Tailerrean parte hartu duten ikasleak, erakunde ezberdinetako agintariekin batera. Aitor Arotzena

Mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta-zerbitzuen ikastaroan 15 lagunek hartu duteparte

Baztan-Bidasoan mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta-zerbitzuen inguruko hirugarren Enplegu Tailerrari bukaera eman zaio martxoaren 18an Donezteben. 15 lagunek hartu dute parte prestakuntza teoriko-praktikoan, lan-merkatuan gaitasun handiagoz txertatzea ahalbidetuko dien arloan. Denetara 900 prestakuntza-ordu egin dituzte 14 emakumek eta gizaseme bakarrak, sei hilabetetan banatuta.

Baztan-Bidasoan mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta-zerbitzuen inguruko hirugarren Enplegu Tailerrari bukaera eman zaio martxoaren 18an Donezteben. 15 lagunek hartu dute parte prestakuntza teoriko-praktikoan, lan-merkatuan gaitasun handiagoz txertatzea ahalbidetuko dien arloan. Denetara 900 prestakuntza-ordu egin dituzte 14 emakumek eta gizaseme bakarrak, sei hilabetetan banatuta.

Cederna-Garalur elkarteak kudeatu duen enplegu-tailerra finantzatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 157.655,70 euro paratu ditu, eta ekimenean parte hartu duten Berako, Lesakako, Etxalarko, Doneztebeko eta Baztango Udalek 18.000 euro (3.600 euro udal bakoitzak).

Bukaera ekitaldian izan dira Luis Garate Jiménez Cederna Garalur elkartearen presidentea, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatea, Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zuzendari-gerentea eta Edurne Garro, tailerraren zuzendaria eta beraiekin batera, Bera, Lesaka, Baztan eta Doneztebeko udal ordezkariak ere, baita zonaldean mendekotasuna duten pertsonak jasotzen dituzten egoitza eta zentroetako ordezkariak.

 

Prestakuntza eta enplegua

Edurne Garrok aipatu duenez, “tailerrean parte hartu duten 15 lagunek prestakuntza kualifikatua jaso dute, horrek lan-merkatura prestakuntza hobeagoarekin joateko beharrezkoak diren tresnak eman dizkie”. Jasotako prestakuntza positiboki baloratu dute ikasleek. Paki Aierzak erran duenez, “laguntza-esparruan lan egiteko prestatu gara eta beharrezkoa genuen gaitasuna lortu dugu. Gaur-gaurkoz, duela 6 hilabete baino gaitasun eta aukera gehiago dugu merkatuan txertatzeko. Esperientziak profesionalki nahiz pertsonalki garatzen lagundu digu”.

Prestakuntza bi zatitan egituratu da: 3 hilabete prestakuntza teorikorako, eta bertze 3 hilabete prestakuntza praktikorako zonaldeko hainbat egoitzatan. Klinika-laguntzaileari dagokion prestakuntzaz gain, bertze hainbat prestakuntza-modulu ere landu dira: gizarte-trebetasunak, laneko arriskuei aurrea hartzea eta animazio soziokulturala. Tailerrak iraun duen bitartean, tailerraren zuzendariaren eta irakaslearen babesa jaso dute osasun eta laguntza-gaietan.

Enplegu tailerrean parte hartu duten egoitzek ere, Elizondoko Benito Menni eta Francisco Joaquin Iriarte, Lesakako Andra Mari eta Berako San Jose Zahar Etxeak eta Berako Maddi Egoitza (Aspace), positiboki nabarmendu dute halako prestakuntza, eta aitortu dute ikasleak lanpostura prestaturik eta lan egiteko jarrera positiboarekin heltzen direla.

 

Hiru tailer 4 urtetan

2008-2011 urteen bitartean tailerretan hasi diren 45 pertsonetatik 44k ikastaroak akitu dituztela nabarmendu dute ekitaldian. Eta orain arte, %80 inguru arlo horretan lana topatu du. Orain akitu den promozio honek ere lan-munduan bere lekua eginen duela itxaropena adierazi dute, Baztan-Bidasoaldean biztanleriaren zahartze-tasak nabarmen egon baitu goiti. Aipatzekoa da 65 urtetik goitiko biztanleria %21etik goitikoa da. Nafarroan, orokorrean, aldiz, %17 da. Horren ondorioz, mendekotasuna duten pertsonen zainketarekin lotura duten zerbitzu gehiago eta kalitate handiagokoak behar dira zonaldean, batez ere emakumea lan-merkatuan txertatzen ari dela kontuan hartuta. Izan ere, historikoki beraiei hartu izan baitute beren gain pertsona horien zainketa. 2010eko irailean, Baztan-Bidasoaldean 238 lagun ari ziren sektore horretan lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!