Igande honetan abiatuko dira Arbizun Nafarroako Herri Kirol Jolasak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 18a

Aurten ere Basaburuako gaztetxoek, Igantzikoekin batera, beteko dute eskualdeko ordezkaritza. Artxiboko argazkia

Igantzi eta Baztango Basaburua izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak

Igande honetan, martxoak 20, eginen den lehen jardunaldiarekin emanen zaio hasiera aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jolasei. Guztira lau jardunaldi eta finala jokatuko dira: lehena Arbizun igandean, bigarrena martxoaren 27an Altsasun, hirugarrena apirilaren 3an Berriozarren, laugarrena apirilaren 10ean Etxarri-Aranatzen eta finala, apirilaren 17an Berroetan, edo euria egiten badu, Iruritan. Saioak 11:00etan hasiko dira.

Nafarroako Kirol Institutuarekin batera urtero antolatzen diren Herri Kirol Jolas hauetan hiru kategorietako neska-mutilek hartzen dute parte: kimu mailakoak (11-12 urte), haur mailakoak (13-14 urte) eta kadete mailakoak (15-16 urte). Taldeak mistoak izan ohi dira. Haur eta Kadete mailetan bi txapelketa egiten dira: Sokatira eta Proba Konbinatua (lokotx biltzea, zaku lasterketa, txinga-erute, korrika eta arpana modalitateak biltzen dituena). Kimu mailako haurrek, berriz, proba konbinatuko txapelketa bakarrik izanen dute (arpana modalitatea ez da sartzen).

Eskualdeko taldeei dagokienean, kimuen mailan Igantziko Unanu eta Abelu taldeak eta Baztango Basaburua ariko dira proba konbinatuan; eta haur zein kadeteetan, bai konbinatuetan eta bai sokatiran, Baztango Basaburua ariko da eskualdeko ordezkari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun