Aurten seigarren urtez, martxoko azken igandean eginen da Sara Korrika Trail lasterkaldia, hilaren 27an. Urtetik urtera indartzen doan proba da eta horren erakusle da parte-hartzaile kopurua: 2006an 200 ziren, 2008an 350 eta 2009an eta 2010ean 500etik goiti.
Larun mendiko mazeletatik iraganen den itzuliak 25 kilometro izanen ditu, 1.443 metroko desnibel positiboa eta 1.442 metroko desnibel negatiboa. Punturik garaiena Atekaleun da, 710 metro inguruan dagoena eta ibilbidearen 7,3. kilometroan.
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta martxoaren 21ean bukatuko da. www.sarakorrika.com web orrian egin daiteke, edo datuak eta mediku azterketa Turismo Bulegora posta arruntez bidalita (Herriko Plaza, 64310 Sara). Informazio gehiago aipatu webgunean edo (0033) 559 542014 telefonoan.
Lasterkaldiaren egunean, 07:00etan hasiko dira kirolariak Sarako plazan biltzen, eta 09:00etan emanen zaio hasiera probari. Olhaingo lepotik bi oren eta erdi baino lehenagotik igaro beharko dute, eta 11:00 aldera hasiko dira lehenbizikoak helmugaratzen. 13:00etan sari banaketa eginen da eta ondotik, talo-jatea.
Errekorrak
Gizonetan orain arteko marka, lasterkaldia lau aldiz irabazi duen Fernando Etxegarai beratarrak egina da (01:58:19) eta nesketan Oihana Kortazarrek (02:24:47).