Izarne eta Haritz Mariezkurrena Lasaga eta Amagoia eta Jasone Mindegia Benito. Lau horiexek dira gaur egun eskolan dauden neska-mutikoak. Heldu den ikasturtean, berriz, Jasone Doneztebera joanen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) egitera eta 3 urte dituen Naroa Retegi Eskudero hasiko da eskolan. Hori horrela izanen da, baldin eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak emandako abisua egi bihurtzen ez badu. Izan ere, haur gutxi direla esanez, Eratsungo eskola itxi egin nahi du Hezkuntza Departamentuak.
Ikasturte honetan lau haur dabiltza eskolan, eta hurrengoan ere halaxe izanen dira. Eskola ez ixteko gutxienez bost ikasle behar direla diote Nafarroako Gobernutik. Baina Nagore Eskudero gurasoak azaldu digunez, «hurrengo urteetan haur gehiago izanen dira: bost, sei, zazpi...».
Beherakada
Biztanleria bezala, ikasle kopurua jaisten joan da urteen joanean. Pedro Deskarga alkateak, adibidez, gogoan du bera ikasle zela gehiago izaten zirela: «neskak eta mutikoak aparte ibiltzen ginen, eta bi eskoletan 20tik gora izaten ginen». Orain ama den Nagore eskolan zebilela ere, gehiago ziren, «bederatzi inguru izaten ginen», adierazi digu.
Herrian nahiago
Ikastetxea itxiz gero, Doneztebera joan beharko lukete haurrek, eta gauza jakina da Eratsundik Donezteberako 15 kilometroko bidea nolakoa den: «08:15ean izaten da autobusa eta nik haurra 07:30 aldera esnatu beharko nuke, edo lehenagotik. Hemendik Doneztebera autobusean 30-45 minutu behar dira. Eta 3 urteko alaba Doneztebera bidaltzeak pena ematen dit, hain haur txikia izanda egun osoa kanpoan pasa beharko luke. Gerora joan beharko du, bai, baina orain 3 urte ditu», dio Naroaren amak.
Alkateak, bere aldetik, eskola ixteak herriari asko kenduko liokeela uste du: «haurrek herriari bizitasuna ematen diote, errekreora ateratzen direnean nabaritzen da... Lehendik herria triste baldin badago, eskola itxita, tristeago geldituko da».
Horregatik ari dira eskolak zabalik segi dezan ahaleginak egiten. Itxieraren kontra hiru egunez 1.200 sinadura inguru bildu zituzten Gobernuan aurkezteko. Astearte honetan, berriz, martxoak 15, Hezkuntza Sailera joatekoak ziren alkatea, idazkaria eta bi guraso. Lerro hauek idazterakoan ez genuen bilera horren nondik norakoen berririk, baina herritarren eskaera behintzat gauza jakina zen: 2011/2012 ikasturtean salbuespena egitea, gerora, ikasle gehiago izanen direlako. Beste ikastetxe batzuetan bost ikasle baino gutxiagorekin egin dira salbuespenak –Legasan esaterako–, gerora ikasle gehiago izanen zirela bermatua zegoelako. Eratsunen ere horixe nahi dute.
HAUR TXIKIEGIAK
«3 urteko alaba Doneztebera bidaltzeak pena ematen dit, hain txikia izanda egun osoa kanpoan pasa beharko luke»
Nagore ESKUDERO
Naroaren ama
BIZITASUNA
«Lehendik herria triste baldin badago, eskola itxita, tristeago geldituko da»
Pedro DESKARGA
Alkatea
DATUA
1.200 SINADURA bildu ziren hiru egunez eskola ez ixteko eskatuz.