Bi guardia zibil agertu ziren herrian, bai eta inauterietara heldu zirela; pakearen izenean, ametitu zituzten, eta hantxen ibili ziren besteekin etxez etxe, isunak paratzen, lehenik Otxonean, gero Maxengo bordan, gero Mantxengo bordan, Joaneko bordan eta Loprengo bordan. Hamasei-hamazazpi gazte aritu ziren Juan Luis Aranburu urretxuar akordeoilariarekin batean saltsan eta kantuan. Loprenean salda beroa hartuta, herrira etorri ziren behiak, behizainak, erlezainak, liztameak, boxeolariak, txapelokerrak, piratak eta beste.
Bertso afaria
Egun guzia puskak jaten pasatu ondoan, ilunabarreko, ostatura erretiratu ziren, bertso afaria baitzen Iker Zubeldiarekin eta Iban Urdangarinekin. Ordurako, lagun mordoska bat bildua zen ostatuan. Pixgarriak jan eta edan ondoan, librean hasi zuten bertsolariek saioa, jendea pixko bat zirikatzen, eta, ondotik, gai batzuk paratuta aritu ziren, gai-paratzaile euskara garbi askoan zibilen babeserako komandantea zutela. Jende artetik, bat edo beste ere animatu zen bertsoren bat kantatzera mikrofonotik. Saioa akituta, bertsolariek ihes egin zuten mahaitik, eta akordeoilariaren esku gelditu zen giroari eustea. Jendea ez zegoen hura bakarrik uzteko, eta mikrofonoa eskuan, kantari hasi zen nola euskal kantuak nola rantxerak. Batzuek dantza pixko bat egiteko gogoarekin gelditu izan behar zuten, baina, beste gainerakoan, eguna franko poliki joan zen launtsarra gorabehera.
Inauteri bezperan ere, kuadrilatxo polita bildu zen ostatura afaltzera, eta, afalondoan, goizeko ordu txikiak arte, musean aritu ziren.