Eskualdeko hamar bikote Euskal Herriko Mus Txapelketaren finalean

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 16a

Herriz herri eta he­rrial­dez herrialde mus txapelketak jokatu ondotik, martxoaren 12an jokatzekoa zen Urruñan (Lapurdi) Euskal Herri Mus Txapelketaren final haundia. Nafarroatik 32 bikote ailegatu ziren finalera, eta horien artean eskualdeko hamar: Aresoko Gorka eta Imanol; Leitzatik hiru bikote, Hegoi eta Galindo batetik, Joxe Mari eta Karlos bertzetik eta Mikel eta Xabier ere bai; Berako Asier eta Bernard; Arraioz­ko Igor eta Peio; Doneztebeko Jon eta Joxe; Elizondoko Patxi eta Julio; Erratzuko Marko eta Joseba eta Oronoz-Mugairiko Patxi eta Joseba. Lerro hauek idazterakoan, oraindik zehaztu gabea zen bikote hauek zer egin zuten final haundian. Baina nabarmentzekoa parte-hartzaile kopuruaren gorakada izan da, Euskal Herri osoko 2.200 bikote baino gehiagok jokatu baitute musean zazpi he­rrialdeetako 250 he­rritan. 2009ko txapelketan 1.120 bikotek parte hartu zuten, 2010ean 1.800 bikote animatu ziren eta aurten, markak hau­tsiz, 2.207 bikote aritu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun