Abian da aurtengo Haur Kantari Jaialdia. Eskualdeari dagokionez, apirilaren 2an Elizondoko Lur aretoan izanen dugu neska-mutikoak kantuan ikusteko aukera eta han izanen dira herriko eskolakoak ere. Hiru taldetxo osatu dituzte, Lehenbiziko, Bigarren eta Hirugarren zikloko ikasleekin eta dena ongi atera dadin, beraien gogo eta animoak jartzen ari dira entsaioetan.
Hiru taldetxoek honako abesti hauek kantatuko dituzte: 1. eta 2. mailakoek Pentagrama abestia aukeratu dute, 3. eta 4. mailakoek Itoitzen Lau teilatu abesti mitikoa, baina Nahi ta Nahiez-en reggae bertsioan eta 5. eta 6.mailakoek ETBko Betizu taldearen Lokaleko leihopetik abestia. Hainbat estilotako abestiak Iturengo eskolatik pasatutako musikariez lagunduta joanen dira.