Urteak daramatza Merkatarien Karrikan Malerrekako Mankomunitateak, baina denborarekin gero eta zerbitzu gehiago eskaintzen joan da eta azkenerako ttiki gelditu da toki aldetik. Bi bulego, bilera gela eta harrera ditu oraingo egoitzak, eta lanean, berriz, zazpi lagun normalean eta batzuetan gehiago: euskara teknikaria, hiru gizarte langile, bi administrari, idazkari-kudeatzailea eta astean behin ikuskatzailea. Horrez gain, bost etxez etxeko langileak ere hor biltzen dira, eta Malerrekako Mankomunitatearen bileretan 20 lagun elkartzen dira.
Jon Etxague Mankomunitateko idazkari-kudeatzaileak azaldu digunez, «erabat beharrezkoa» zen lokal berria. Zazpigurutze auzoan, osasun zentroaren ondoan kokatuko da, eta sei bulego, bilera gela, erabilera anitzeko gela bat, harrera eta artxiboa izanen ditu, bertzeak bertze.
Merkatarien Karrikako egoitza Doneztebeko Udalak doan utzi izan du, baina berria Mankomunitateak erosi du.