Nafarroako Larrialdi Agentziako suhiltzaileek Zubietako Burralde inguruan martxoaren 14ko goizaldean gertatutako sute bat itzali dute. 18,4 Hektarea larre, sasi eta pinuri eragin dio gehien bat astelehen goizaldeko suteak. Abixu deia astelehen goizeko 04:10ean jaso dute SOS Navarrako 112 telefonoan eta Oronozko suhiltzaileak, Iruñeko buru baten laguntzarekin bi orduz aritu dira lanean. Zehazki, 7 Hektarea terdi larre, 4 Hektarea terdi sasi eta 6,4 Hektarea pinuri eragin dio suteak, baina pinuan beheitiko aldea bakarrik erre du, eta ez gaineko aldea.
Suhiltzaileek, bi autobonba eraman dituzte eta Zubietako bizilagunen laguntza ere izan dute. Orain sutea zergatik gertatu den aztertzen ari dira eta nahita eragindakoa izan denik ere ez dute baztertzen.
Goizuetan ere
Martxoaren 12an, berriz, larunbat goizaldean Goizuetako Santa Kruz baserri inguruan gertatu zen sute batek 4 Hektarea pinu erre zituen. Gauerdia baino beranduxeago jaso zen abixua 112 larrialdi telefonoan. Hasiera batean Goizuetako suhiltzailean hasi ziren lanean baina haize zakarra zebilen eta berehala laguntza eskatu behar izan zuten eta Iruña, Altsasu eta Oronozkoak ere hurbildu ziren. Larunbat goizaldeko 03:00etarako kontrolatutzat eman zuten sutea.