Bere jatorria 1978. urtean kokatu bazuen ere, martxoaren 12an, larunbat eguerdian egin zuen bere historian lehen agerraldi publikoa Etxalarko Ezker Abertzaleak eta herri programa lantzen hasi direla jakinarazi zuen.
Gaur egungo egoera politikoak “erantzun sendoa behar duelako” egin zuten agerraldia, “bizi dugun demokrazia hau, demokrazia formal soil baten bide tristean doa, hitzaren zentzu txarrenean. Axal-axalaren azpian, lehengo erregimen berbera, agintekeria” adieraziz.
Hiru botereen zatiketa demokratikoak ez duela jadanik funtsik uste du Etxalarko Ezker Abertzaleak, “hirurak lan errepresiboan ari dira elkarren lehian, zein baino zein, agintekerian zinismoa eta kolaboratzaileen beldurra ezkondu dira”.
Herri hau Ezker Abertzalerik gabe ez litzatekela berdina aipatu ondotik, bere ekarpen nagusia “bakea lortzeko bidean emandako urrats erabakiorrak” direla aipatu zuten. Indar politiko nagusi izateko aukera haundiak dituztela erran ondotik, “Euskal Herria, Etxalarren ere bai, Ezker Abertzalea sendotzen, handitzen eta bizkortzen saiatzea, abertzaletasunaren alde jokatzea” dela adieraziz bukatu zuten beraien agerraldia.