Bertizko Turismo Partzuergoak Bertizarana eta Baztango udalei euren eremuei dagokien bide berdearen proiektua aurkeztu die. Lan hau Nafarroako Gobernuaren Landa Garapenaren Departamentuak ordaindu zuen eta Gestión Ambiental de Viveros y Repoblaciones de Navarra erakundeak egin du.
Errandako erakundearen ingenieroak Bertizarana eta Baztango udal ordezkari politikoei eta teknikariei behin betiko trazatuaa aurkeztu die. Lana beraiekin elkarlanean garatu da. Baztango kasuan bi talde politikoen ordezkariak egon dira aurkezpenean.
1957. urtean ibiltzeari utzi zion trenak eta orduan egiten zuen ibilbidearen zati batzuk desagertu diren arren, proiektu honetan jatorrizko ibilbidearen zati bat berreskuratuko da eta orain arte landu ez den berrikuntza bat dago: Bertizaranako trenaren tunel bat eta Baztanen zubi bat berreskuratzea proposatzen da.
Aurrekontua 1.006.000 eurotara ailegatuko da, hondatuak dauden zatiak egokitzeko, bertze batzuk irekitzeko, ibaiaren bazterretatik pasatzen direnen lan bereziak egiteko eta aipatutako elementuak berreskuratzeko eta seinalizatzeko.
Hurrengo pausua, Espainiako Landa eta Itsas Ingurumen Ministeriotik finanziazioa lortzeko behar den PSISa tramitatzea izanen da. Pausu hau ibilbide osoarekin egiten da, hau da, Endarlatsatik-Elizondoraino. Partzuergoa Euroveloa izeneko mugazgaindiko proiektu baten bidez lantzen ari da Doneztebe-Endarlatsako zatia. Zati honen proiektua geldituta dago, izan ere Nafarroako Herrilan Departamentuak baimena eman behar du 121-A Alkaiagan gurutzatzeko aurkeztu zaion hirugarren proposamenari. Bidegurutze hau da zati honen eginbehar garrantzitsuena , ibilbidearen oinezkoentzako jarraipena bermatzen baitu. Beraz, PSISa hasteko finanziazioa lortzeko proposamen honen baimenaren zain dago Partzuergoa, proiektua osoa izateko.