Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Turismo Departamentuaren bidez, Ituren eta Zubietako inauteriak eta Hiru Behien Zerga Nafarroako Interes Turistikoko Festa izendatu ditu. Aitorpen horren bidez, originaltasuna, herri tradizioa edo balio soziokulturalak oinarri hartuta turismoa handitzen lagundu dezaketen ospakizunak Foru Komunitatetik kanpo ezagutarazi nahi dira.
Hiru Behien Zerga eta Ituren eta Zubietako inauteriak Nafarroako Interes Turistikoko Festa aitortu dituzte ospakizun originalak direlako eta herrian arras errotuta daudelako, aspaldiko ospakizunak direlako eta balio etnografiko eta soziokulturalak dituztelako. Herritarren parte-hartzea eta bisitarien kopuru handia dira ospakizun horiek betetzen dituzten bertze bi alderdiak.
Era berean, bi ospakizunak Kultura Intereseko Ondasunen kategoriaren barruan Ondasun Higiezin aitortu dituzte. Aitorpen horrek aurretik azaldutako betekizunak baieztatzen ditu, Nafarroako kulturaren eta turismo baliabideen adierazpen moduan.
Nafarroako Interes Turistikoko Festak
Aitorpen horrek jaien alde turistikoa azpimarratzen du eta helburutzat Nafarroa turismo-jomuga moduan sustatzea du. Arau horretara bildutakoaren arabera, ospakizunek titulu hori erabil dezakete sustapen jardueretan, eta titulu hori lortzea meritua izan daiteke Foru Komunitateko Administrazioak emandako laguntzak lortzeko. Aitorpena eska dezakete udalek eta partzuergoek zein Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako Turismo Kontseiluak. Interes Turistiko Nazionaleko Festen aitorpena duten sei jaiek Foru Komunitateko aitorpena modu automatikoan jasotzen dute. Era berean, ‘Nafarroako Interes Turistikoko Festen’ aitorpena izateak nazioko eta nazioarteko turismo intereseko jai moduan aitortzea eta laguntza berezietara sarbidea izatea errazten du.
Lehendik ere, Interes Kulturaleko Ondasun izendatuak zeuden Ituren eta Zubietako inauteriak.