Emakumearen Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu Leitzaldeko Bilgune Feministak

Ttipi-Ttapa 2011ko mar. 8a, 15:50

Leitzan eta Areson eginen dira hilaren 8an, 11n, 12an eta 26an

Martxoaren 8a edo Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, Leitza eta Aresoko emakumeek hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Eta bide batez, salatu egin dute «emakumeok etengabeko prekarizazio baten aurrean gaudela». Halere, «feministok prekarietateari planto, bizitza duinera salto» egiteko prest daudela diote: «gure borroka ez dago krisian».

Prentsara bidalitako oharrean kritikatu dutenez, «argi dugu krisi hau ez dela krisi ekonomikoa soilik, krisi sozial orokor baten aurrean gaudela. Gero eta sektore sozial gehiagok pairatzen ditugu krisi honen ondorioak. Baina tamalez, emakumeoi oraindik ere jendartean ezartzen zaizkigun funtzioen ondorioz, emakumeok ari gara krisi honen ondorioak pairatzen». Gaineratu dutenez, «balizko krisiaren aurrean estatuek hartu dituzten erabakien eta martxan jarri dituzten neurri guztien ondorio larrienak emakumeok paraituko ditugu».

Emakumeen eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko ekitaldiak eginen dira Leitzan eta Areson.

Martxoaren 8an, astearte arratseko 20:00etan: kontzentrazioa eginen da Lopeneko atarian. 20:30ean Performance herritarra eginen da eta 21:00etan mokadu jatea Atekabeltzan.

Martxoaren 11n, ortziral arratseko 20:00etan zine-foruma eta mokadu jatea izango da Aresoko Pake Toki elkartean. Las mujeres de verdad tienen curvas filma jarriko ikusgai.

Martxoaren 12an, larunbat eguerdiko 12:00etan Leitzaldeko emakumeen errealitatea, 8 bizipenetan saioa izanen da Leitzako Aurrera elkartean. 14:30ean bazkaria Atekabeltzan. Bazkalondoan, arratsaldeko 18:00etan Emozioak landuz, gozatu jolastuz izenburpean jokoak eginen dira plazan. Ondoren, poteo feminista izanen da. Gauean festa izanen da Gaztetxean.

Bukatzeko, martxoaren 26an, larunbatearekin, goizeko 10:00etan autodefentsa feminista tailerra eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!