Donezteben, Elizondon, Saran eta Urrozen asteburuko egun libreak aprobetxatu dituzte inauterietako ospakizunak egiteko. Bertze batzutan, Arizkunen, Erratzun, Goizuetan, Narbarten, Beran, Lesakan, Etxalarren… larunbat gaueko bestarekin abiatu zituzten eta asteartean bukatuko dituzte.

Karrozen desfilea Donezteben
Ortzegun arratsean hasiak zituzten ospakizunei larunbatean eman zieten errematea Donezteben. Eta larunbatean motorrak berotzeko mozorroen bazkaria izan zuten Jubilatuen ostatuan eta gero, 16:30etik aitzinera, desfilean atera ziren karrikaz karrika algara eta umore ona zabalduz.

Larunbatean Elizondon
Orakunde egunari eta ortziraleko desfileari segida emanez, mozorro andana ibili zen Elizondoko karriketan larunbateko eguraldi ederra aprobetxatuz. Ikastolako Parkean zuten hitzordua mozorroek eta handik atera ziren txarangak lagunduta. Gero, biak eta erdietan, mozorro taldeentzako herri bazkaria zegoen Antxitonean. Horrelakoetan normala den bezala, bestazaleenek igande goizean akituko zuten larunbat arratseko dibertsioa.

Inudeak eta Artzainak
Duela 31 urte berreskuratutako ohiturari segida emanez, inauterietako igande goizean Beran Inudeek eta artzainek Eztegaratik Agerra auzorainoko joan etorria egin dute dantza, musika doinu eta neska-mutilen algarak karriketan barrena zabalduz. Ibilbide osoan lagun izan dituzte Momo erregea eta bere laguntzaileen karroza eta musika banda. Denetara berrogeita hamar bikote inguru atera dira aurten, mutilak inudez mozorrotuak eta neskak artzainez. Goizeko ibilbidea bukatu ondotik eta bazkariko otordua Zubiondon egin eta gero, arratsaldean Eztegaratik Altzaterainoko ibilbidea egin zuten.

Lesakako Zakozaharrak
Mairuak eta ttikienen zakozaharrak atera ziren kalejiran lehenik, arratsaldeko 5ak inguruan. Helduenak beranduxeago, arratsaldeko 6ak aldera. Eta kalejirak bukatu ondotik, Plaza Zaharrean zakuak urratzeko zalaparta eta dantzaldiaren txanda. Eguraldia lagun, ez zen animaziorik falta Lesakako karriketan igande iluntzean.
Astelehena eta astearteko egitarauak
Eta inauterien ospakizunak ez dira oraindik bukatu hainbat herritan. Arizkunen, Erratzun, Goizuetan, Narbarten, Beran, Lesakan, Etxalarren… horretarako tarte bat hartzen ahal duenak izanen du ongi pasatzeko modua. Izan ere, herri batzuetan urtarrilean hasi zirenetik luze iraun dute aurten inauteriek gure inguruko herrietan.