Urtero bezala Ortzegun Gizenarekin hasi dira inauteriak Etxalarren ere. Goizean ortzegun-gizen ortzegun-gizen, zingar-arraultze bat ez bada bertze kantatuz etxez-etxe eskean ibili ziren eta arratsaldean, kalejiran herriari itzulia eman eta antzerkiak egin dituzte. Arantzako eskolako haurren bisita ere izan zuten, antzerkiak ikusten. Berendua eta musikarekin eman zioten akabera egunari.
Martxoaren 6an, igandearekin, Zaldun Inaute eguna ospatuko dute Etxalarren. Gainera, Kinto besta eginen dute igandean hainbat taldek herriko eta inguruotako ostatu-jatetxeetan. 12:30ean aperitiboa izanen da, ondotik bazkaria eta ilunabarrean poteoarekin segituko dute.
Martxoaren 7an, Astelehen Inaute ospatuko dute. Goizeko 08:00etan La Basque ostatuan gosaldu eta bi taldetan banatuko dira gazteak goiko eta beheko auzoetan eskean trikitilariekin ibiltzeko. Bazkaria Armitxen eta Usazaleen etxolan eginen dute. 20:00etan herrira itzulera eta poteoa. Ondotik pintxo afaria Elutsan.
Martxoaren 8an, Astearte Inaute ospatuko dute. Eguerdiko 12:00etan mozorro eta karroza desfilea eginen da herrian barna. Bazkaria 14:30ean izanen da Herriko Ostatuan. Eta bazkalondoan juerga gorputzak irauten duen arte.