Bertze herri aunitzetan bezala, Urrozen ere gainean dugun asteburu honetan ospatuko dira inauteriak, ortziralean hasi eta igandera bitarte. Eta inauteriei hasiera emateko, ortziral honetan, martxoak 4, afaria eginen da Herriko Ostatuan.
Larunbatean, berriz, goizean elkartu, mozorrotu eta baserrietarako bidea hartuko dute gazteek gurdi batean, musikarien laguntzarekin. Eguna baserri batetik bertzera pasako dute. Garai batean, goizean egiten zen buelta guzia, eta eguerdirako herrira etorriak izaten ziren gazteak. Baina azken urteotan egun osoa behar izaten da horretarako. Arratsean afaria eginen dute Herriko Ostatuan.
Egun berean, baina arratsaldez, neska-mutikoak herrian barna ibiliko dira etxez-etxe eskean.
Eta igandean, inauteriei akabera eman bidenabar, bazkaria eginen dute Herriko Ostatuan.