Suhiltzaile boluntarioen sarea sustengatzeko Nafarroako Gobernuak Agoitz, Bera, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udalekin duen hitzarmena berritu dute martxoaren 3an, ortzegun eguerdian Iruñean.
Abudo, Izabako udalarekin ere berrituko du Gobernuak hitzarmena. Nafarroako Larrialdi Agentziarekin batera lan egiten dutenn 145 suhiltzaile boluntarioek osatzen dute sarea eta sua itzaltzen, errepideak garbitzen, zuhaitzak kentzen, galdutako pertsonak bilatzen, erreskatetan, anbulantzia trasladoetan edo parkeetako mantenu lanetan aritzen dira.
Javier Caballero, Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak eta David Sainz Nafarroako Larrialdi Agentziako zuzendariak sinatu dituze sei hitzarmenak Nafarroako Jauregian, herri bakoitzeko alkateekin batera: Agoizko Francisco José Enguita, Berako Josu Iratzoki; Goizuetako Miel Joxe Lekuona; Leitzako Xabier Zabalo; Lesakako Juan Fermin Mitxelena eta Luzaideko Fernando Alzón.
Javier Caballerok aipatu duenez, boluntario taldeek profesionaltasun handiz lan egiten dute eta suhiltzaile profesionalak hain erraz ailegatzen ez diren lekuetan nahitaezkoak dira.