1.215 langabetu zeuden otsail hondarrean Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, urtarrilean baino 2 gehiago (%0,16 gehiago). Langabeziaren igoera azken hilabetean ez da handia, baina azken urteetako langabetu kopuru handienean jarri da eskualdea, iazko urtarrileko 1.214ak gaindituz.
Otsail honetan 308 kontratu gauzatu dira Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 31 bakarrik (%10) izan dira mugagabeak.
Gizonezkoetan langabezia beheiti, emakumezkoetan goiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean beheiti egin du langabeziak, 541etik 535era jautsi da langabetu kopurua otsailean, baina adin tarte horretako emakumeen artean, 542tik 551ra igo da. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan, 81etik 77ra jautsi da langabetu kopurua eta adin horretako emakumeetan, 49tik 52ra igo da.
Zerbitzuetan eta eraikuntzan goiti, industrian beheiti
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, eta otsailean ere 8 gehiago dira, 725etik 733ra igo ondotik. Industria arloan, aldiz, 10 langabetu guttiago zeuden, 248etik 238ra jautsi baita. Eraikuntzan 3 lagunetan igo da langabetu kopurua, eta 153 lagun dira orain lanik gabe; nekazaritzan ere 2 lagunetan goiti egin du langabeziak, 20 langabetu ziren otsailean eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 71 langabetu ziren otsail hondarrean, urtarrilean baino 1 guttiago.