Nafarroako Herri Kirol Federazioak urteko batzarra egin zuen otsailaren 26an Sunbillako egoitzan. Alde batetik, 2010. Urteko kirol balantzea eta balantze ekonomikoa aurkeztu eta onartu ziren eta bertze aldetik, aurtengo plangintza eta aurrekontua ere onartu ziren.
Iaz antolatutako ekitaldien berri eman zitzaien batzarkideei, baita Nafarroako txapelketen xehetasunak ere. Joan den urtean 511 kirolari federatu aritu ziren Herri Kirolean, horietatik 285 helduen lizentziak ziren eta gainerako 226ak Nafarroako Herri Kirol Jolasetan parte hartu zuten neska-mutikoenak. 2010. Urteko Nafarroako txapelketa guztien emaitzen berri ere eman zen, baita tartean hobetu ziren Nafarroako errekor berrienak ere. Zehazki, Maika Ariztegi iturendarrak koxkor biltzen egin zuen marka berria, 7 minutu eta 17 segundurekin eta harrijasotzen, berriz, Unai Bertiz sunbildarrak 36 altxaldi eman zizkion bi minutuz 100 kiloko zilindroari.
2011. urteko plangintzaren aurkezpena ere egin ziren. Urtero antolatzen diren Nafarroako txapelketa, torneo eta sariak antolatzea da Nafarroako Herri Kirol Federazioaren asmoa, baita dagozkion Euskal Herriko txapelketak antolatzea, hala nola, goma eta lur gaineko sokatira jardunaldiak, segalari txapelketako kanporaketa eta lehen mailako aizkolari txapelketa eta aizkolari gazteen txapelketa. 2004. Urtetik 2010. Urtera monografikoak argitaratu ditu Federazioak, eta urte hasieran, herri kirola orokortasunean aztertzen duen “Herri Kirola: jatorria eta ezaugarriak” liburuxka ere argitaratu du.