Nafarroako Haur Kantari jaialdian izen emateko epea martxoaren 15ean bukatuko da

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 2a

Azken saioa Iruñeko Gaiarre antzokian eginen da apirilaren 17an. Artxiboko argazkia

Eskualdeko saio bakarra apirilaren 2an izanen da Elizondoko Lur dantzalekuan

Lehiaketetako presioa alde batera utzi eta kantuan gozatzeko aukera izanen dute neska-mutikoek martxoaren 19tik aitzinera. Orduan hasiko baita Nafarroako Haur Kantari Jaialdia.

Aurtengo Nafarroa Oinezekin bat eginez, Tafallan eginen da lehendabiziko saioa, Kube diskotekan, martxoaren 19an; martxoaren 26an Lekunberriko kiroldegian eginen da hurrengo saioa. Apirilaren 2an eskualdera etorriko da jaialdia, Elizondoko Lur dantzalekuan eginen baita. Apirilaren 9an, berriz, Atarrabiako Kultur Etxe berrian eginen da. Tafalla, Lekunberri, Elizondo eta Atarrabiako saioak 18:00etan hasiko dira. Horietan nabarmentzen diren partaideek, berriz, apirilaren 17an Iruñeko Gaiarre Antzokian kantatuko dute, 11.30ean hasita. Hainbat sari banatuko dira egun horretan partehartzaileen artean.

 

Izen-ematea

Martxoaren 15ean bukatuko da izena emateko epea. 948 144706ra deitu beharko da horretarako. Beharrezkoa izanen da kantuaren izena, egilea eta hitza, partitura (ahal bada) eta kantarien eta musikari laguntzaileen izenak Kantuzale Elkartera bidaltzea, postaz (Baratzeetako zeharkalea 2, behea. 31014 Iruñea), e-postaz (nafarroagaraia@kantuzale.net) edo faxez (948 382658).

 

Babesle aldaketa

Aurtengo jaialdiaren berrikuntzen artean, babesleak aipa daitezke. Haur Kantari Jaialdiak orain arte Nafarroako Kutxaren babesa izan badu ere, hemendik aitzinera BBK Bilbao Bizkaia Kutxa izanen da babeslea. Horrez gain, Udalbiderekin ere hartuemanetan hasiak dira. Nafarroako Kantuzale Elkartetik adierazi digutenez, «bi erakundeekin elkarlanean ariko gara Nafarroako Gobernuak 2009ra arte ematen zuen dirulaguntza nolabait konpentsatzeko». Irudiari dagokionez, aurtengo kartela «zeharo ezberdina» izanen dela aitzineratu dute Kantuzale Elkartetik: «gauzak aldatzen hasiak direnaren seinale da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun