Martxoaren 20an hasiko dira Nafarroako Herri Kirol Jolasak

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 2a

Basaburua eta Igantzik taldeak aurkeztuko dituzte aurtengo herri kirol jolasetan ere. Artxiboko argazkiak

Ortziral honetan erabakiko da jardunaldiak non jokatu

Nafarroako Herri Kirol Federazioak urtero antolatzen dituen Kirol Jolasak martxoaren 20an hasiko dira, eta hilabete beranduago akitu, apirilaren 17an. Beti bezala, hiru kategoriatan jokatuko dira: kimuen mailan (1999-2000 urteetan jaiotakoak); haurren mailan (1997-1998 urteetan jaiotakoak) eta kadeteen mailan (1995-1996 urteetan jaiotakoak).

Kimuen mailan proba konbinatuan baka­rrik ariko dira, hau da, koxkor biltzen (zortzi koxkor), txingekin (80 metro 3 kiloko txinge­kin), zakuarekin (3 lagunek 80na metro 6 kilokoarekin) eta lasterka (160 metro). Haurrak eta kadeteak, aldiz, proba konbinatuetan eta sokatiran ariko dira.

Haurren lana hau izanen da: 10 koxkor bildu, 5 kiloko txingekin 80 metro egin, hiru lagunek 10 kiloko zakuarekin 80na metro, 160 metro lasterka eta 70 zentimetroko bi korte arpanean. Sokatiran aritzeko pisuaren muga 480 kilokoa izanen da.

Kadeteen eginbeha­rra ondokoa izanen da: 12 koxkor, 60 metro 10 kiloko txingekin; hiru lagunek 80na metro 15 kiloko zakuarekin, 240 metro lasterka eta 70 zentimetroko hiru korte arpanean. Sokatirarako pisua 540 kilokoa izanen da.

 

Parte hartzaileak

Ortziral honetan, martxoak 4, eginen den bileran erabakiko dira jardunaldiak non jokatu­ko diren. Bertzalde, orain­­goz parte-hartzea ziurtatua duten taldeak hauek dira: Igantzi, Basaburua (Baztan); Andra Mari (Etxarri-Aranatz), Iñigo Aritza (Altsa­su), Berriozar eta Txantrea. Baliteke talde gehiago ere izatea, baina lerro hauek idazterakoan zehaztu gabea zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun