Urtarrilaren 28an 84 urte bete ondoan, otsail hastapenean pausatu zen Pierre Carricaburu artzain laboraria. Motxo zenari egin zaion azken agurra bere bizia bezain ederra izan da eliza tanpez betea baitzen. Orotarat, zortzi apezek zuzendu zuten elizkizuna, hauen artean Felix Motxoren anaiak. Irria ezpainetan eta begietan beti dirdira zuen olasoarra pilotan aritu zen haur denboran, eta gero gizontzean, gaueko lanari lotu zen urratsa zalu baitzuen. Aiherran bizi den seme ttiki batek oroitarazi zuen aitatxi biziki atxikia zela eskuarari eta antzinakoen ohitureri. Gisa hortan aitatxi zenak xistuka molde berezian aritzea irakatsi zion alabaren semeari. Carricaburu gazteek hitz eman dute alargun gelditu den amatxi ongi zainduko dutela. Artzain zenaren ardiak ere ongi zainduak izanen dira.
Azken urteetan, erretiro lasaia izan du Motxok atseginez ikusten baitzuen familiako gazteek etxaldeko segida ederki hartua zutela. Ez da dudarik Motxo norbait izan dela Senperen eta hortakoz bere oroitzapenak bilduak izan dira Senperetik Senpererat eta Matxin Irabola, Senpereko bertsularia liburuetan, baita www.ahotsak.com Euskal Herri osoko euskalkiei buruzko webgunean ere. Doluminak Carricaburu familia onari...