Azken hilabete hauetan udalen eta Artzapezpikutzaren artean istiluak izan dira hainbat ondasun tarteko. Baina 1882etik 1950ra bitarteko Ezkurrako Udalaren bilkuretako aktak errepasatu ondotik, konturatu naiz harreman horiek beti oso onak izan zirela gurean, errespetuzkoa ere esango nuke, menpekotasunekoa ere bai beharbada.
Eliza garbitzeagatik, kanpaiak jotzeagatik edo elizako dorrean dagoen herriko erlojua zaintzearen truke, sakristauari dirulaguntzak eman zitzaizkiola adierazten duten datuak badaude. Euskaraz jakiteagatik eta organoa jotzen jakiteagatik idazkari bat kontratatu zen eta asteko errosaria zuzentzeko eta irakurtzen ez zekiten herritarren eskutitzak irakurri eta erantzuteko maisu bat ere bai.
1931n bai
1931n gertatu zen gorabehera bakarra. Sagastibeltza apaizak Udalarenga jo eta ostatuetako itzulia neguan 21:00etan udan 22:00etan egin zedin eskatu zuen, eta eguraldi txarraren aitzakiarekin ez zezala horietan dantzatzen utzi. Juramenduak eta gehiegi ez edatea kontrolatzeko ere eskatu omen zuen. Zinegotziek, berriz, halako erabakiak hartzea ez zela beraien ardura erantzun zioten; eta hori Gobernuaren ordezkaria zen alkateari zegokiola.
Badirudi, apaiza nahiko latosoa eta eskatzailea zela, gisa askotako eskaerak egin zituela ageri baita aktetan, bereziki, eskaera ekonomikoak, misioen ospakizunetarako, festetarako... Urte batean, abuztuko festak ez ospatzea ere erabaki omen zen apaiza tartean zela, Udala sosik gabe zegoela-eta.
Errepublika garaian, Gobernuak hala aginduta, Udalak hilerria sekularizatu behar izan omen zuen, eta erlijioduna zibiletik banatzen zuen pareta bota behar izan zuten, eta sarreran Herriko hilerria jarri.
1934an gobernu zibilak Bestaberri ospatzeko baimena eman bazuen ere, Udalak eta apaizak protesta gisa, prozesioa bertan behera uztea erabaki zuten. Horren ondorioz, Udalak prozesioan parte hartzen zutenei eman ohi zien hamaiketakoa ere kendu zuen. Agindu erlijiosoen kontra Gobernuak hartutako neurriak ere kritikatu zituen Udalak, eta erlijio eta gurtza askatasuna defendatu.
Gerra Zibilan, gurea nazionala deituriko eskualdea izaki, 1936ko abuztuan Udalak eskolara joan eta gurutzeak jarri zituen berriz ikasgeletan eta jaiegunetako mezak subentzionatzea erabaki zuen, baita erromeriak, erreguteak eta beste ospakizunak ere.
Gaur egun, elizaren ondoko paretaren zaharberritze lanek eragindako gastua bere gain hartua du Udalak, baita elizaren dorrean dagoen erlojua martxan paratzeko gastua ere. Azken honek, Zuk aukeratu, zuk erabaki programaren laguntza ere badu.