Egun ofizialekin bat eginez, asteburuan eginen dira inauteriak

Joseba URROTZ 2011ko martxoaren 2a

Gisa guzietako mozorroak ikusi ziren joan den urtean. Ea aurtengoan nolakoak diren. Utzitako argazkia

Ortziral honetan Herriko Ostatuan eginen den afariarekin hasiko dira

Bertze herri aunitzetan bezala, Urrozen ere gainean dugun asteburu honetan ospatuko dira inauteriak, ortziralean hasi eta igandera bitarte. Eta inauteriei hasiera emateko, ortziral honetan, martxoak 4, afaria eginen da Herriko Ostatuan.

Larunbatean, berriz, goizean elkartu, mozo­rrotu eta baserrietarako bidea hartuko dute gazteek gurdi batean, musikarien lagun­tza­rekin. Eguna base­rri batetik bertzera pasako dute. Garai batean, goizean egiten zen buel­ta guzia, eta eguerdirako herrira etorriak izaten ziren gazteak. Baina az­ken urteotan egun osoa behar izaten da horretarako. Arratsean afaria eginen dute He­rriko Ostatuan.

Egun berean, baina arratsaldez, neska-mutikoak herrian barna ibiliko dira etxez-etxe eskean.

Eta igandean, inauteriei akabera eman bidenabar, bazkaria eginen dute Herriko Ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun