Laguntzetan baliabide haundiagoak eskatu dituzte euskarazko hedabideek

TTIPI TTAPA 2011ko martxoaren 1a

Euskarazko 80 hedabidek eskatu diote instituzioei sektorearen aldeko apustua egiteko. Horietako batzuk bildu ziren otsailaren 15ean Donostian egindako agerraldian. Utzitako argazkia

Horietako aunitzek agerraldia egin dute Donostian

Euskarazko 80 euskarazko hedabidek baino gehiagok «tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa» eskatu diete instituzioei, «komunikazio munduan gertatzen ari diren aldaketak eta krisi ekonomikoak gogor astindu dituelako euskarazko hedabideak, lehendik ere diru baliabidez larri zebiltzan hedabideak». Halaxe adierazi zuten hainbat hedabidetako ordezkariek otsailaren 15ean Donostian eskainitako age­rraldian. Duela zenbait aste euskarazko hedabideek editorial bateratua argitaratu zuten [ikusi TTIPI-TTAPAren 536. alea] eta otsailaren 15­eko age­rraldia elkarrekin egindako ber­tze urrat­sa izan zen.

 

Ehundik goiti

Euskarazko hedabideak 100dik goiti dira, prentsa, irratia, telebista eta Internet kontuan hartuta eta 620 langile baino gehiagok egiten dute lan hedabide horie­tan. Urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua dute eta 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen dute zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez. Dirulaguntzen bidez, berriz, 7.500.000 euro har­tzen dira. 2007­ko abenduan CIES ikerketa etxeak egindako azterketa baten arabera, euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana ailegatzen dira, alegia, euskaldunen %57rengana.

Agerraldian azaldu zutenez, «datu hauek­ guz­tiek erakusten dute sektore bizi eta kontuan hartzeko bat osa­tzen dugula, zalantzarik gabe, gizarte honetan era askotako irabaziak sor­tzen dituena». Horren erakusle, adibideak aipatu zituzten: «informazio mailan, gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea delako; euskararen normalizazioan, aho batez, onar­tzen den bezala, hiz­kun­tza normalizaziorako eragile nagusietakoak direlako hedabideak; arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen dituelako, eta kontuan har­tzeko moduko ekarpena egiten duelako sektoreak gizarte seguran­tza eta zerga bidez».

Krisiaren eragina somatu dutela ere jakinarazi zuten «gogor astindu» dituela erranez, baina horrekin batera, zera gaineratu zuten: «erron­ka berriei aurre egiteko sostengu eran­tsi bat behar izan dugunean, laguntzak mu­rriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian. Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da». Egungo laguntzek «kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen» dutela ere adierazi zuten, «gara­tzeko aukerari hegoak moztuz. Era berean, hainbat hedabideren ateak ixten ikusi ditugu azken aldian».

Horregatik eskatu dituzte «laguntzetan baliabide handiagoak», baita «egungo laguntza deialdiaren dina­mikatik bide egonko­rragoe­ta­ra­ko urratsa» ere. Publi­zitatearen gaian, «publi­zitate instituzionala egiterako orduan bertze politika baten beharra» ere nabarmendu zuten.

Hemendik aitzinera, egoerari eta zailtasunei elkarrekin aurre egiteko, ekimen gehiago eginen dituzte euskarazko hedabideek. Instituzio nagusienetako eta al­der­di politikoetako ordezkariekin elkartzeko asmoa ere badago eta webgunea ere sortua dute: http://www.blogak.com/ehedabideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun