Segurtasunarekin eta larrialdiekin zerikusia duten zerbitzuek lana gogotik egin behar izan dute otsailaren 22an, astearte egun osoan, haizearen eta euriaren eraginez.
Nafarroako Gobernuak haizearen abiadura neurtzeko dituen estazio automatiko guzien artean, Baztango Gorramendikoan jaso da abiadurarik handiena, orduko 112 kilometro, goizaldeko 02:40ean. Aralarko estazioan orduko 73 kilometroko abiadura hartu du goizeko 07:00ak aldera.
Euriari dagokionez, azkeneko 23 orduetan Donezteben metro koadroko 55 litro bildu dira eta Gorramendin metro koadroko 27 litro.
Hainbat lekutan, haizeak botatako harriak, adarrak, enborrak eta zuhaitz osoak ere kendu behar izan dituzte errepideetatik. Gauerdian, Goizueta eta Hernani arteko NA-1450 errepidean zuhaitza kendu behar izan dute errepidetik. Goizeko 02:16ean, Arantzako sarbidean zuhaitza erori eta bi orduz NA-4020 errepidea moztu behar izan dute, zuhaitzak bidetik atera arte.
Azkenik, Belateko errepide zaharrean, NA-1210 errepidean, bidea trafikoari itxi diote goizeko 08:49etik arratsaldeko 14:00ak arte, 33. Kilometro inguruan eroritako zuhaitza kentzen zuten bitartean.